XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XIV.- Azkenik, esparru-lege baten aurrean gaudela nabarmendu behar da.

Legearen helburua estaldura zabala ezartzea izango da, etorkizunean kirolean gerta daitezkeen aldaketetara unean-unean araudi bidez egokitu ahal izateko.

Legearen arauketa zabala izan da, hain zuzen kirolari buruzko gai eta arazo asko jorratzen dituelako oinarrizko mailan, baina oinarrizko arauketa horrek ezinbestekoa izango du araudi bidez osatzea.

Azken finean, arau ireki eta malguaren aldeko apustua egin dugu, kirolak hain ezaguna duen dinamismorako egokia izan dadin.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua eta aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoan kirola arautzea da lege honen helburua.

2. artikulua.- Printzipio gidariak.

1.- Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria.

2.- Pertsona guztien funtsezko eskubidea da kirola askatasunez eta norbere borondatez egitea.

3.- Aginte publikoek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, eskubide hori behar bezala gauzatzea bermatuko dute. Horretarako, burutuko duten kirol politikak printzipio hauek izango ditu oinarrian:

a) Hezkuntza-sisteman kirolari eta gorputz-hezkuntzari lekua ematea.

b) Kirol-elkarteak bideratzea eta sustatzea, bai eta kirol arloko antolakuntza-egitura pribatuak onartzea eta babestea ere.

c) Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.

d) Kirol-jarduera gizarte-maila guztietara, batez ere ahulenetara, zabaltzeko programa bereziak onartzea eta burutzea.

e) Lehiaketa-kirola bideratzea eta sustatzea.

f) Kirol arloan ikerkuntza zientifikoa bultzatzea, kirolaren kalitatea hobetzeari begira.

g) Kirol-teknikarien prestakuntza bideratzea eta bultzatzea Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen eta kirol-federazioen parte-hartzearekin.